PROGRAMA ETA ORDUTEGIA :rolling

Elena Mendizabal & Urkia Sánchez
PACK

Datak

Ekainaren 20a, 21a, 25a, 26a, 27a, 28a [11:00h-18:00h]

Kokapena

Black Maritxu

Edizioa

rolling [2026]

PACK lana erakusketaren gonbidapenari eta euskarri gisa balio duen zurezko eta polikarbonatozko plataforma zirkularraren berezitasun fisikoei emandako zuzeneko erantzun gisa sortu da. Pieza honen izenburuak gainjartzearen, tartekatzearen eta ahokatzearen ideiari egiten dio erreferentzia, plataformaren bi geruzen arteko egitura-harremana zein egileen talde-lanaren dinamika bera islatuz. Mahaiaren gainazal lau berrera mugatzetik urrun, Mendizabalek eta Sánchezek espazioan era tridimentsionalean esku hartzea erabaki dute: haien piezak igo eta jaitsi egiten dira, airea konkistatuz eta gailuaren tarteko planoan biziz.

Formari dagokionez, PACK forma, kolore, lotura eta konposizio joko batean itzultzen den eskultura-hiztegi partekatu batetik artikulatzen da. Baldintza fisiko sendoa duen arren, instalazioak arintasun eta alaitasun kromatikoaren sentsazioa transmititzen du. Lanak modu ludikoan egiten du elkarrizketa Arrietako landako ingurunearekin, espazio irekiaren plazera eta paisaiako berdeak integratuz eskulturaren esperientzia aire librean, eguzkipean eta estalpean ospatzen duten laranja, hori eta gorri koloreko paleta dardarati batekin.

 

Elena Mendizabal (Donostia, 1960). Formak eta figurak egitea; egiterakoan, eta begiratzen dien horrengan, memorian artxibatuta dagoena azaleratu dezaten. Hainbat irudi, estetika, artista, leku eta garai, sentikortasun, emozio zein ezagutzaren gordailu direnak; orainean elkar gurutzatzen direnak, hitzik gabeko “egiak”, auzi garrantzitsu eta arinak biltzen dituztenak.

Erakusketa edo aldi baten ondoren lanera itzultzen naizenean, proiektu berri bati ekiten diot, berrabiarazi egiten naiz. Abenturatik badu zerbait, bai teknikoki, bai formalki eta materialki, eta horrek egiten du oso interesgarri. Denboraren pasatzearekin batera, artistengandik eta estetiketatik sortzen diren erreferente eta elkarteez gain, nire artxibo propioa dago, egindakoa. Hori guztia modu espontaneoan sortzen da, eta asmo gidari bat egon arren, tarte handia uzten dio prozesuan azaleratzen denari, deribari eta ezustekoari. Egiteko dagoen lana ez dago inoiz eginda.

Estiloaren kontzeptua, mantentzen diren ezaugarri formal ezagungarri gisa, ez doa nirekin. Halakorik bilatu gabe, egiteko askatasuna askatasuna da. Nire lanean hainbat hizkuntza, material eta morfologia erabiltzen ditut, hainbat “ni”-ren adierazpenei bide emanez.

 

WEBSITE

INSTAGRAM

 

 

Urkia Sánchez (Bilbo, 1997). Lehen Hezkuntzan graduatu zen EHU/UPVn (2019). Unibertsitate berean Zeramika: artea eta funtzioa Masterra (2023) eta Arte Ikerketa eta Sorkuntza Masterra (2024) egin zituen.

Hainbat aretotan erakutsi du bere lana, besteak beste: Bi Hormetara (2024), Bizkaiko Batzar Nagusiak (2023), Aire Galería (2025) eta ESDIR (2024). Bi artista-egoitzatan ere parte hartu du: Landscape Together (2024) eta FotoEnkarterri(2023) egitasmoetan.

Artista eta hezitzaile gisa duen profil bikoitzari esker, hainbat Bitartekaritza proiektutan parte hartu du Chillida Leku Museoan (2024), Arte Ederren Museoan (2024) zein ZirriMarra arte-zentroan (2024). Horrez gain, nazioarteko hainbat biltzarretan parte hartu du —XIV Congresso Internacional CSO (2022), CIVAE 4th Interdisciplinary and Virtual Conference on Arts in Education (2022) eta Nazioarteko Arte eta Literatura Hezkuntza Biltzarrean (2022)—, non batez ere artearen eta hezkuntzaren arteko loturak arakatu zituen.

INSTAGRAM

Elena Mendizabal & Urkia Sánchez Elena Mendizabal & Urkia Sánchez Elena Mendizabal & Urkia Sánchez Elena Mendizabal & Urkia Sánchez Elena Mendizabal & Urkia Sánchez