Miren Doizen interbentzioa udalaren ur-biltegietako batean kokatzen da, Sollube mendiaren magalean, Arrietako udalerrian. Eraikinaren funtzio-premisa oinarri hartuta –komunitatearen kontsumorako ezinbestekoa den baliabide bat biltegiratzen duen ezkutuko azpiegitura eta edukiontzi gisa–, artistak ezkutatzearen eta ikusgaitasunaren nozioen inguruko joko kontzeptual bat artikulatzen du, higiezinaren kanpoko fatxadan egindako ekintza piktoriko-instalatzaile baten bidez.
Lana biltegiko hormak estaltzean edo paperatzean datza, ura bi ikuspegi ezberdintatik nola irudikatzen den behatzen duten irudi-hautaketa batetik abiatuta. Lanaren ardatz kontzeptuala espazioan bertan sortzen den kontraste erradikalean datza. Alde batetik, interneteko bilatzaileetatik ateratako irudiak integratzen dira; artistak digitalki manipulatu eta editatzen dituen irudi hiperrealistak. Eta, bestetik, ur birtual honekin paperatutako biltegitik zentimetro gutxira, ur-jauzi natural bat dago.
Miren Doiz (Iruñea, 1980) artista garaikidearen praktika pinturaren, instalazioaren eta espazioaren esplorazioaren arteko elkargunean kokatzen da. Bere sorkuntza-jardunaren etengabeko zalantzan jartze horretan, azkenaldian eskulturara hurbiltzen ari da, gure garaia ezaugarritzen duen salgaien zein materialen etengabeko ekoizpen/suntsipenari buruzko jarrera kritiko batetik.
Arte Ederretan lizentziatua da EHU/UPVn. Estampa DKV Saria jaso du, baita Pollock-Krasner Fundazioaren zein Erromako Espainiako Errege Akademiaren prestakuntza-laguntzak ere. Bere lana hainbat gunetan erakutsi du, hala nola: CA2M, Matadero Madril, Tabacalera, ICO Museoa, Lázaro Galdiano Museoa, Nafarroako Museoa, Unión Fenosa, Villa Croce (Genova), UCA Canterbury edota Mexikoko Espainiako Kultur Zentroan; baita Madril, Milan edo Lisboako hainbat galeriatan ere. Haren obra bilduma ugaritan dago jasota, besteak beste: Coca-Cola Fundazioa, Madrilgo Erkidegoko Arte Garaikidearen Bilduma, ICO Bilduma Museoa edota DKV Bilduma.